domingo, 27 de diciembre de 2009

POTOSIKO MINAK

Mikel Arrillagak Potosiko minetan egona da aurten bizpahiru egun hunkigarriak pasatuz. Handik ekarri du zirrara, amorrua, oihukatzeko beharra. Eta "Bertso paperak" bidali zituen XXI. ZAPIRAIN ANAIAK BERTSOPAPER LEHIAKETA-ra. Errenterian, Niessengo aretoan, abenduaren 27an, honako hauek kantatu zituen

1.-
Zulo txikia dauka atetzat
ondoren sarrera gela,
pasabideak estu-estuak
giroa zinez umela.
Sarri lau hankan joan behar da
goia jotzen da bestela,
ahoa zapiz estaltzen dugu
hautsa delako itzela.
Kaskoa eta linternarekin
giri koadrilla ergela,
behera heltzean gidak esan du:
"hau da laugarren nibela".
Jose lanean ari da bertan
eta ez al da krudela?
Berak badaki berroteita bost
urterekin hilko dela


2.-
Jose goizero heltzen da hona
zortziak baino lehenago,
arratsaldeko zazpiak arte,
eta horrela luzaro.
Koka orriak bazkaltzen ditu,
eta fanta, lau bost trago.
Hori astean zazpi egunez
jai egiterik ez dago.
Eguneko lehen ez zuen lortzen
euro bat baino gehiago
bost urte eta gero enpresan
igo da pixkat gorago.
Gauzak aldatzen ari dira bai.
Nola ez? Ni ados nago:
lehen esklaboak ziren langile
gaur langileak esklabo.


10 bertso dira. Zatitxoak hemen: "Potosiko mendi aberatsak Jose utziko du pobre. Garai batean bazuen nahiko urre zillar eta kobre... Apaizik ez dut minan ikusi ez badira nonbait gorde, bainan elizak urrez josita daude dotore dotreo". "Ez nuke inoiz egon nahi Josek egun duen papeletan, zerutik hurbil egiten du lan, bainan infernuan bertan". "Behin Potosira iritsi ziren inperialisten tropak azpian hartuz hango ohiturak eta bizimodu motak. Bertan zeudenak esklabu hartu, lotu kate eta sokak...eurek gizendu zuten txerria pozik jan zuen Europak".
10 bertsoak osorik eskuratu nahi izan ezkero, Oreretako Bertso-eskolara deitu eta ale osoa emango dizuete.

Azterketa historiko baterako gaia: zein eraikuntza handi egin ziren Gipuzkoan XVI-XVII-XVIII mendeetan Potosiko minarekin, Venezuelako esklabuekin eta Mexikoko zillararekin?

0 comentarios:

Publicar un comentario

Nortzuk garen, zer nahi dugun

Zibernetikaren espazio-denboran blog xume bat sartu da: “krisikatzen”. Zelula bizigarria eta osagarria nahi dugu izan. Etsipenak sendatzeko, tristurak uxatzeko lagungarri eta esperantza pizten saiatua. Norengan, ordea, konfidantza eduki? Multinazionaletan, horien gobernu morroietan... norengan? Krisikatzen maiataren 21eko grebaren uhinetan sortu da. Poztu ginen. Konfidantzarako hautagai eraikigarri berria aurkeztu zelako: behekoen elkartasuna. Harreman-informazio sarea eratuz horri bideak irekitzea eta hori esperimentatzea da gure nahia. Borroka-festatik sortuak autopoietikoak gara. Geure (bildu nahi duten guztien) burua gobernatzen dugu. Guk erabaki, guk antolatu, guk hitza egin. Askatasun osoz, adiskidantzan, talde autoeratua, autonomoa, autologoa. Errenteria/Orereta, Lezo, Pasai, Oiartzun bailara izango da geure harreman-informazioaren landa. Estekak jarriko ditugu. Idazleak, argazkilariak, poetak, langileak, amonak, haurrak, autonomoak, dendari txikiak... denok dute lekua krisikatzen. Denok dugu lekua krisiari aurre egiten. Eta desio bat. Benetako salbuespen egoera sortzen ahalegintzea. Zer da hori? Ez oraingo, ez inoizko aspaldian ezagutu ez dugun egoera. Hartan, lurra, landareak, animaliak begirunez tratatuko ditugu; hartan gizakia ez da esklabu izango; hartan emakumea ez da morroi izatera behartua izango; hartan hitza askatasuna izango da; hartan askatasuna ederra izango da. Monsantok ez du Indiako nekazariak suizidiora bultzatuko; Repsolek ez du Ecuadorreko oihanak suntsituko; IBM-k ez du orduko edo oraingo nazien estatistika-planak egingo; Bayerrek ez du osasunarekin negoziorik egingo; Bankuek ez dute pentsamendua sekuestratuko; Gobernuek ez dute gerrak eta kontrol polizial torturatzailea aginduko. Desio honekin bat ba zatoz gure konpainian sarbiderik baduzu.

Egunkaria Libre!

ERRENTERIA KRISIAN

ERRENTERIA KRISIAN
2009.URRIA