sábado, 25 de septiembre de 2010

ELKARGANA GAITEZEN

ELKARGANA GAITEZEN
..................................IRAILAREN 29AN......
....................................................NIESSEN ENPARANTZAN
............................................................................19,30TAN
NOREKIN BATERA?
.................ATENAS, EL BIERZO, PARIS, MARINALEDA, BARZELONA, BRUSELAS, MADRID, BUDAPEST, BERLIN... EUROPAKO langile-langabe-prekario-ikasle-etorkin-baztertu guztiekin
ZERTARAKO?..................PROTESTA EGITEKO KAPITALAREN TIRANIAREN ETA GOBERNUEN IRUZURRAREN AURREAN.
........................DUGUN ESPERANTZA (BEHEKOEN BATASUNA) ERAIKITZEN JOATEKO.

Amorrua... kontenplazioa... hasarrea

Amorruak, esperantzak-penak, lotsak, irri-zitalak, kontenplazioak eta hasarrea.

Amorratuak daude patronala, gobernuak eta hedabideak. Amorratuak UGT eta CCOOko zuzendaritza sindikal otzanek Greba Orokorra egiteko deia egin dutelako. Horrela, sindikatu guztien desprestigio kanpaina itzela eta greba eskubidearen aurkako neurriak eta iritzi majaderikoak.

Esperantzak eta penak: Txema Madrideko Carabanchel auzoko "el vasco" da. Esaten zidan: kontentu nago grebarekin. Eransten zuen: "Pena bat bakarra dut.... que los vascos que han hecho dos huelgas generales, no se sumen esta vez".

Lotsak: Lotsaz konbokatu dute Greba Orokorra Mendezek eta Toxok. Lotsaz ari dira orain grebaren beharra esplikatzen sindikatu horietako hainbat liberatu sekula santan konbokatu ez duten asambladatan.

Irri-zitalak: EAJ, PSE, PSN, UPN-PP... irri-zitalak egiten ari dira. ELAk eta LABek, Greba honen aurrean hartu duten jarrerarekin, zure ustez, poztuko al dira? Edota urdurituko dira?

Kontenplazioak: Zergatik ez dute irailaren 29ko grebari buruz ezer esan, ez Ezker Abertzaleak, ez Aralarrek, ez Alternatibak, ez EAk?

Hasarrea: Krisia probokatu dute, diru publikoa lapurtu dute bankuak salbatzeko, estatuaren zorra eragin dute eta zorra bera aprobetxatu nahi dute harrapariak gisa, gainera austeritatea ezarri, eskubide sindikalak moztu, eta pentsioak kolokan jarri.... Hasarre bizia eta erantzun duina da langileen eta ikasleen eta jubilatuen eta libre izan nahi duten nazioen eta emakumeen eta etorkinen bide bakarra.

Joseba

sábado, 18 de septiembre de 2010

GREBA OROKORRA, BATASUN SINDIKALA ETA EZTABAIDA ESTRATEGIKOAK

1.- Greba Orokorra eta langileen interesen defentsarako batasun sindikala, landu beharrekoak dira. Ez da aski horiek aldarrikatzea. Egoera eta baldintzak aztertu behar dira eta ondoren erabakia hartu eta lanean jarri. Sindikatuak borrokan (kalean edo negoziazioan borrokan) bateginik ikusteak, dudarik ez, adorea eta konfidantza ematen du. Bainan batasuna abstraktuan ezin da ezinbesteko baldintza bezala hartu.
2009ko maiatzaren 21eko greba orokorrak agerian utzi zuen batasun sindikala gauzatzeko zegoen ezintasun erabatekoa. Langabezia izugarri eta oso denbora laburrean hazi egin zen prekarioz eta EREak biderkatu egin ziren, bainan orduan UGT eta CCOOeko zuzendaritzek ez zuten borroka egin nahi. Beraien konfidantza klaseen arteko kolaborazio mahaian zegoen jarrita. Egoera eta baldintza horietan ez zegoen batasun sindikalik egiterik, eta greba orokor hura (patronala, gobernuen eta UGT eta CCOOen propagandaren aurka) egitea, urrats garrantzitsua izan zen. Hego Euskal Herrian, grebarekin, agerian jarri zen norabide sindikalen zatiketa; bainan zatiketa, izan, estatuko lurralde guztietan zegoen: “minoritario” deituriko sindikatu eta korronte sindikaletan borroka borondatea antolatua zegoen, eta baita UGT eta CCOOen barruan ere bazeuden desadostasunak. Andaluziako Sindicato Obrero del Campo-k, adibidez, lurralde mugatu batean greba orokorra antolatu eta egin zuen. Borroka ez da aski izan norabide politikoa aldatzeko, bainan estatu osoan krisiari, patronalaren eta gobernuen arrokeriari, lapurketa legalari (bankuen “salbazioa” gure zergen kontura) erantzuteko zegoen beharrari muzin egin zion UGT eta CCOOen zuzendaritzen jarrerak. Negoziazio mahaia, berriz, adar-jotze galanta izan da: patronala eta gobernua (Europako Komisioaren eta FMIren babesarekin) geroz eta erasokorragoak eta sindikatuak eta langileak geroz eta umiliatuagoak.
Borroka hartan, eta ondorengoetan, gainditu beharreko bigarren oztopoa jarri da agerian: sindikatuen jarrera nazionala. Ez dut nik onartzen langileen batasun internazionalaren izenean Espainiako batasun nazional ukiezinaren inposizioa babestea. Aitzitik, langileen batasun internazionalaren izenean sindikatuek beharko lukete inposizio horren aurka eta autodeterminazioaren aldeko ahotsa altxatu. Uste dut, aldiz, UGT eta CCOOeko jokamoldea, besteak beste, ondo egokitua dagoela pakto konstituzionalaren barruan, eta beraiek direla ere, injustizia horren euskarriak.
Azkenik, badago ere gainditu beharreko hirugarren zailtasun bat: sindikatuen arteko aparatuen konpetentzia. Normala da. Bainan kontutan hartu beharko genduke sektarismorako joera elika dezakeela.
2.- Aurtengo udaberria eta uda parte honetan Europan aldaketa nabarmen bat eman da. Greziako langilegoari ezarritako zigor eskandalosoaren ondoren, Europa osoko estatu guztiek, estrategia berdintsua jarraituz, gerra ekonomikoaren deklarazio ezin garbiagoa egin dute. Langabezia tasa altuen onarpena, austeritate plan gogorrak (soldatak, hezkuntza, osasungintza, babes soziala), erreforma laboralak, pentsioen murrizpenak. Pakto sozialerako zirrikituak ere itxi egin dira. Patronalak eta gobernuek onartzen duten bakarra gerri-estutze latzaren bidean, ogi-apurtxoak dira. Egoera hoen aurrean, nahiko kolaborazionista den Europako Sindikatuen Konfederakundeak (Europako konstituzio neoliberal eta militaristari baiezko kritikoa eman zion) mobilizazio europearrak egiteko deia luzatu du. Eta egoera berberean UGT eta CCOO zuzendaritzak behartuak sentitu dira greba orokorra egiteko deia egitera.
Greba orokor honen aurrean esango dute batzuk greba-tranpa dela edota greba-espainola dela eta horregatik paso egin behar dela. Ez nago ados. Greba hau borroka bidean urrats bat da eta horregatik ari dira sindikatu guztien aurkako eta grebaren aurkako desprestigio kanpaina itzela egiten patronala, gobernuak eta horien menpeko hedabideak. Greba hau milaka langile militante ari dira prestatzen (UGT eta CCOOko lurralde eta nazio guztietako militanteak eta “minoritario” deituriko sindikatu guztiak: CGT, SOC, CSI...) eta milioika langilek egingo dute greba. Eta hauek ez daude “pakto sozialaren” filosofiaren alde, borrokaren alde baizik. Ezin dugu greba murriztu eta zuzendaritza burokratikoen inkoherentzia eta asmoekin berdindu. Greba hau okasio bat da borrokako sindikalismoaren agerpen publiko eta indartsurako. Gu izan gaitezke agerpen horren euskarri eta bultzada. Bestalde, lasaitu dezakegu geure kontzientzia esanez greba espainola dela, bainan justu orduan, erantzun beharko diegu galdera hauei: zertan datza euskal langilegoaren internazionalismoa? ez al da hau okasio garrantzitsu bat, gu borrokan inplikatuz, aldi berean, sindikalista borrokalari askorengan Euskal Herriaren eskubide nazionalen justiziaren eta autodeterminazioaren eskubidearen aldeko jarrera sustatzeko? Nik dakidala ELAk Bruselasko euromanifestazioan parte hartzeko asmoa du. Eta ondo iruditzen zait. Bainan ez al da Europako Sindikatuen Konderakundea erakunde nahiko kolaborazionista? Nik dakidala LABek babestu du Frantziako greba orokorra irailaren 7an. Eta ados nago. Bainan ez al zen hura greba frantzesa? Orduan, zergatik hemen ez? Ezin al dugu gure nazioaren langilego bezala geure ahots propioa altxa borrokan bat eginik?
Niretzako, irailaren 29a okasio bat da. Krisiak eztanda egin zuenetik Europako langilegoaren borrokan batasuna esperimentatzeko lehen okasioa, eta batasun hori gurutzeala izango da datozen urteetan. Eta langileak ondoratzearekin batera, nazioen eskubideak ukatuz, kulturak manipulatuz, patriarkatua defendatuz eta lurra suntsituz ari diren gobernu monarkiko konstituzional guztien aurkako langileen arteko aliantza lantzeko okasioa ere bada. Eta alianza hau, sahietsezina da guztiontzat. Horregatik, uste dut nik, komenigarria litzateke ELAk eta LABek 29rako beren dei propioa egitea.
Joseba Barriola.

viernes, 17 de septiembre de 2010

MISTER BLAIRREN SASI-BIDAIA

Erresuma Batuko “Premier” izandakoak, kargu horretan egon zeneko garaiaren (1997-2007) bere memoriak argitaratu ditu “Bidaia” izeneko liburuan. Hori dela eta Le Monde aldizkarian egin zioten elkarrizketa bat irailaren 5ean.
Diotenez, kargua utzi ondorengo hiru urteetan bi gertakari nagusi ezagutu ditu Blair jaunak: katolikotu egin da (une ilunetan parabolaren bat edo beste meditatzen ditu) eta izugarri aberastu da (hitzaldiak, memoriak: 5,5 milioi euro, multinazionalen kontseilaria, Ekialde Urbilerako sasi-arduradun nagusia izendatua eta ordaindua). Ez du elkarrizketan “aberatsaren eta jostarratzaren begiaren” parabola esplikatzeko astirik eduki.
Bidaia jarri dio izenburu bere liburuari. Ez pentsa. Sasi-bidaia da. 1997an hartu zuen leku berean ez da milimetro bat mogitu; gehienez leku bereko estolderian sakonagora jo duen bere harrokeriak eta itsumenak jadanik kiratsa dario.
Lehen, gerra prebentiboaren aldekoa zen, orain prebentzioa ondorengo belaunalditaraino luzatu nahi du. Sinistezina, bainan deklaratu du: “2003ko inbasio aurretik Iraken arma suntsikorrak ez zuela jakin izan balu ere…gerra ezin zen sahiestu.. Askatasunaren aldeko gerra zen”. Honaino betikoa, bainan jarraitzen du diktadorea irauli beharra zegoela zeren “egunen batean edo bestean, berak edo bere semeel berriro ekingo bait zioten arma suntsikorrak egiteari, eta Al-Qaidari emateko arriskuarekin”. Fantasia kriminal hori baino larriago: Iraken egindakoa Iranen errepikatzearen aldekoa da katoliko hau.
Blair krudelaren lagunak dira Nicolas eta Al Maliki. Horrelakoak lagunak: bata Irakeko morroi korrupto konbiktoa eta bestea Frantziako arrazista deklaratua.
Mister Blairrek esaten du aipaturiko elkarrizketan: “Pentsatzen dut Europa iratzarri behar dela…” eta honetan asmatzen du azti-ikasle memelo honek. Izan ere, Blairrek uste ez duen moduan, Europako langilegoa iratzartzen ari da. Irailaren 29a iratzarpen honen egun seinalatuetako bat izan daiteke. Gure esku dago.

martes, 7 de septiembre de 2010

BRUSELASKO EUROMANIFESTAZIOA

Europako Sindikatuen Konfederazioak deia luzatu du 29an Europa osoan ,manifestazioak antolatu daitezela krisiaren kontra. Agiriaren izenburuak honela dio: AUSTERITATERIK EZ? LEHENTASUNA HAZKUNDE ETA ENPLEGUARI;Brusellasen egingo da euromanifestazio nagusia.
Hasiera besterik ez da. Alterglobalizazioaren mogimenduak egin zituen hainbat mobilizazio europearrak: genevakoa, Irak-eko gerraren aurkakoa, Copenhagenekoa... Oraingo hau da nik dakidala, krisiaren eztanda ondorengo lehen deialdia sindikal europearra. Ongi etorria.
Agirian lau puntu azpimarratzen dira: austeritate neurriak(langabezia, oporbezia);krisia ordain dezatela erantzuleek,hau da, bankuek; Europa solidarioago eta sozialagoa;hazkunde eutsigarria.
Buruzagi sindikalistek oso era abstraktuan hitzegin dute. Jarritako helburuak zehaztu daitezke. Adibidez: Europako estabilitate paktuaren derogazioa; lotsaren dekretuaren abolizioa; Lisboako Paktoaren derogazioa; Bolonia prozesuq geldieraztea; Afganistanetik Europa kanpora eta NATO desegin; Europa osoan 32 orduko lan-astea...
Ez dute zehazten. Entzuna dut Europako Sindikatuen Konfederazioak "baiezko kritikoa" empan ziola Europako Konstituzio neoliberal kapitalista eta militaristari! Agian CES delakoak esplotazio sistema jasangarria nahi du!
Ez naiz fido; bainan euromanifestaziorako deia euskal herriko langile eta herritarrei egina da, eta bertako sindikatuek serioski beharko lukete erantzun. Krisia hasi zenetik Europako langilego gisa jokatzen hasteko lehen abagadunea dugu.
Joseba

jueves, 2 de septiembre de 2010

EUROPA BERRIA POSIBLE DA

1.- Bizitzen ari garen krisia irakasle zuhurra da.
Krisiak erakusten digu akumulazio kapitalistaren helburuaren inguruan antolaturiko sistema ekonomikoaren logikak, ez duela ez bizitza (gosea eta langabezia), ez askatasuna (demokraziaren bahiketa), ez pakea (gerrak), ez kontzientzia (gezurraren erabilera eta sentimenduen manipulazio lotsagarria), ez kultura (pentsamenduaren merkantilizazioa), ez lurra (kutsadurak eta txikizioak), ez zerua (aldaketa klimatikoa) errespetatzen.
Krisiak erakusten digu kapital handiaren (nazional eta multinazionalak) erakundeak gerra egiteko prest daudela, eta ahoskatzen dituzten hitzak geroz eta erasokorragoak, krudelagoak, lotsagarriagoak eta iraingarriagoak direla jende umila eta pobrearekiko.
Krisiak erakusten digu gobernuak, parlamentuak eta epaitegiak, salbuespen bat edo beste kenduta, kapitalaren morroi ondo koipetsuak baizik ez direla. Europako gobernu guztiak sail honetan sartuak daudela.
Eta krisiak erakusten digu populazioaren jende gehienak, langileak (lanetuak eta langabetuak, denak dira langileak) ezin direla ez bankan ez multinazionaletan ez enpresari handietan ez gobernutan fido. Eta fidagarritasuna, konfidantza eta esperantza kolpez golpe eraiki beharra dagoela. Behekoen arteko elkartasun kolpez, behekoek elkarrekin altxatutako borrokaren bidez. Geuk, gugan, eraiki beharreko zapalduen batasunean izan dezakegu esperantza, beste inon ez.

2.- Azken urteetan Europan bertan ezagutu ditugu: krisiaren eztanda eta langabeziaren hazkunde gogorra; bankaren salbazioa; austeritate planen ezarpena; erreforma laboralak……Europako gobernu guztiek ildo berdinetik jo dute, berdintsu jokatu dute. Eta gogor jotzen ari dira, latza delako krisia eta, gainera, sozialdemokraziaren partiduak irentsiak dituztelako, sindikato nagusienak domestikatuak, eta langilegoa desmobilizazio eta pakto politikaren bidez urte luzeetan ahuldua.
Eraso hauen aurrean bi erantzun estrategiko nagusi ikusi ahal izan ditugu: Pakto sozialaren aldeko estrategia. Estrategia honek bilatzen duena da krisiaren ondorioak “guztion” artean banatzea eta horregatik mobilizazioa baztertu du, eta sistemaren erreformak bilatzen ditu. Estrategia hau antzua gertatu da, eta erabat insolidarioa prekario, langabetu eta jubilatuekin, eta etsipena elikatzen du. Beste estrategia, borroka eta autokonfidantzaren estrategia izan da: krisia erantzulek ordain dezatela bilatzen du, pakto sozialaren ilusio faltsuak ezabatzen saiatzen da, eta ulertzen du gizartea antolatzeko sistema kapitalista irauli beharra dagoela. Bere helburua ez da krisitik ateratzea, krisiaren aurka borrokatuz eta krisia argituz kapitalismotik irtetzea baizik. Euskal Herrian ikusi ditugu bi joera horiek garbi azken bi urteetan.

3.- Azken urte hauetan Europako lurralde desberdinetan egin izan dira hainbat greba eta mobilizazio handi krisiaren aurka. Hego Euskal Herriko bi greba orokorrak; Greziako hainbat greba orokor indartsuak; Frantzian egindako Greba Orokorrak; Andaluziako nekazariek egindako greba orokorra; hainbat manifestazio erraldoiak; borroka sindikal gogorrak; Bolonia prozesuaren aurkako unibertsitateetan egindako grebak, manifestazioak, okupazioak….
2010eko iraila honetan, eta Europako gobernu guztiek adostu duten erasoen aurrean, deialdiak ugaritu dira: irailaren 29rako, Sindikatuen Konfederakunde Europearrak mobilizazio eguna konbokatu du eta Bruselasen egitekoa da manifestazio europearra; irailaren 7an Frantziako estatuan sindikatuek grebara deitu dute eta Sarkozyren politika arrazistaren aurkako manifestaldiak konbokatu dira; irailaren 29an Grezian eta Espainiako estatuetan greba orokorrerako deialdia dago.

4.- Espainiako estatuan CCOOk eta UGTk, behartuak eta beraien ildo sindikal antzuaren porrot osoa ikusiz eta beraien entregismoa zuritu nahian, greba orokorra egitera deitu dute irailaren 29rako. Enpresari handien komunikabideek aspalditik ari dira edozein grebaren, eta bide batez, sindikatu guztien aurkako kanpaina zitala egiten. Zapaterok erakutsi du Japonen bere talante iraingarria eta zitala, esanez prest dagoela greba ondoren negoziatzen jarraitzeko, hau da, langileei egurra eman eta gero zurikeritan ibili.
Bainan irailaren egun berean, 29an, eta sindikatu hauen pakto politika antzua eta etsitzailea kritikatuz eta aldaketa erradikal bat aldarrikatuz hainbat sindikatuk (CGT,USO, SAT, Sindicato de Obreros del Campo, Corriente de Izquierda Sindical etabar...) greba egiteko deia egin dute. Greba egun horretan agerian jarriko dira krisiari aurre egiteko bi korronte, bi planteamendu, baita Espainiako estatuko lurraldeetan ere.

5.- Hego Euskal Herrian bi greba orokor eginak ditugu azken urte pare hauetan. Espainiako gobernuaren eta Europako komisioaren aurka Bruselastik Andaluziaraino Grezia eta Paris zeharkatuz altxatzen ari diren ahotsak eta mobilizazioak pozten naute. Beharrezkoak ikusten ditut ahal den mobilizazio orokorragoak eta indartsuagoak egitea. Bereziki estimatzen dut militante kopuruz txikiagoak diren bainan asmoz eta borondatez saiatuagoak eta argiagoak eta esperantzagarriagoak diren sindikatu “minoritario” horien ahalegina. Eta uste dut, nola edo hala, agerian jarri beharko gendukeela Euskal Herrian borroka horiekiko begirunea, eta mobilizazioen bidez eta egun berean erakutsi. Nire aldetik, greba orokorra hemen ere. Gure nazioaren langilegoaren hitza altxatuz, beste eredu baten alde, eta beste herrialdetan gorripidean borrokan ari direnekin bat eginez. Gure hitzak oiartzun handia izan dezake.

Maixu

Iraila goria: LABURRAK

1
Une bakoitzak badu bere posibilitate iraultzailea. Oraingo uneak duen posibilitatea detektatzea eta posibilitate hori enkarnatzea da auzia.
Oraingo unea. Adibidez: Krisia Europan; Irailan Europan langileen sindikatuek deituriko mobilizazioak –Grezia, Frantzia, Espainia, Bruselas…-- Berotzen hasi da eta gorputz hartzen ari al da Europa mailako langileen erantzun kontundentea? Hori al da oraingo uneak duen posibilitate iraultzaileetako bat? Lehen aldiz, krisi honen barruan, Europako zapalduen batasuna nola eraikitzen ari den esperimentatzeko posibilitatea?
Horrela balitz, zer nolako moduz eta ekintzez haragitu dezakegu posibilitate hori? 2010eko iraila izan al daiteke krisiaren kontrako Europako langile mogimenduaren iratzartzearen, jadanik badatorren iratzartzearen, hilabete erabakiorra? Gure esku.

2
Hilabete honetarako deialdi multzo bat eginak daude: Greba orokorra Frantzian (irailak 7); manifestazioak Sarkozyren politika arrazistaren aurka (irailaren erdialdean); CES (Coordination Europeenne de Sindicats) deituriko mobilizazio europearrak, Bruselasen nagusiena egingo delarik; greba orokorra Grezian eta Espainiako Estatuan.
Ez dakit Rumaniatik Portugaleraino eta Finlandiatik Italiaraino zer dagoen prestatua. Bainan Europak hartu dituen neurri amankomunen ondoren (bankaren salbazioa eta austeridade plan gogorrak ezartzea), Europa mailako erantzuna elikatzea interesgarria da. Interesgarria itotzen eta zanpatzen gaituen tiraniatik, kapitalaren tiraniatik, askatzen hasteko.
Imaginatzen gainera, zein interesgarria litzateke Europa kapitalista ahul eta apuratua Afganistanetik irten beharrean, Israelí ezin lagunduz, Afrikako control militarra ezin eutsiz, Hegoamerikarekin operario político neoliberalak ezin eginez….
Gainera, amets erraldoi honek izan dezake gaur egun gorputz materialik! Eta amets egina osasungarria da. Arriskua bakarra da amets ez-egina.

3
Zapaterok esan du Japonian: “Tras la huelga general me reuniré con los sindicatos”.
Zapaterok esan du: Zertarako egiten duzute greba orokorra nire jarrera talantetsua baldin bada? Alferrik duzute greba, prest bait nago “dialogatzeko”!
Zapaterok egin du: lehenengo, langileen bizitza zurrupatzen hasi, eta gero, bere irrifar tentelaren ukendua eskeini.
Zapaterok tontotzat hartzen gaitu. Hori da G-20ko bileretan ikasi duen gauzarik printzipalena: nola zurikeritan ibiliz jende xumea engainatu.
Zapaterok eraiki du lastozko zubia, handik amildegira botatzeko langileria.
Mendezek esan du: Greba ondoren ez dugu eskatzen bilera bat, Zapateroren politikaren errektifikazioa baizik.
Langile askok esaten du: Greba ondoren Mendezen politika sindikalak funtsezko aldaketa behar du.

Nortzuk garen, zer nahi dugun

Zibernetikaren espazio-denboran blog xume bat sartu da: “krisikatzen”. Zelula bizigarria eta osagarria nahi dugu izan. Etsipenak sendatzeko, tristurak uxatzeko lagungarri eta esperantza pizten saiatua. Norengan, ordea, konfidantza eduki? Multinazionaletan, horien gobernu morroietan... norengan? Krisikatzen maiataren 21eko grebaren uhinetan sortu da. Poztu ginen. Konfidantzarako hautagai eraikigarri berria aurkeztu zelako: behekoen elkartasuna. Harreman-informazio sarea eratuz horri bideak irekitzea eta hori esperimentatzea da gure nahia. Borroka-festatik sortuak autopoietikoak gara. Geure (bildu nahi duten guztien) burua gobernatzen dugu. Guk erabaki, guk antolatu, guk hitza egin. Askatasun osoz, adiskidantzan, talde autoeratua, autonomoa, autologoa. Errenteria/Orereta, Lezo, Pasai, Oiartzun bailara izango da geure harreman-informazioaren landa. Estekak jarriko ditugu. Idazleak, argazkilariak, poetak, langileak, amonak, haurrak, autonomoak, dendari txikiak... denok dute lekua krisikatzen. Denok dugu lekua krisiari aurre egiten. Eta desio bat. Benetako salbuespen egoera sortzen ahalegintzea. Zer da hori? Ez oraingo, ez inoizko aspaldian ezagutu ez dugun egoera. Hartan, lurra, landareak, animaliak begirunez tratatuko ditugu; hartan gizakia ez da esklabu izango; hartan emakumea ez da morroi izatera behartua izango; hartan hitza askatasuna izango da; hartan askatasuna ederra izango da. Monsantok ez du Indiako nekazariak suizidiora bultzatuko; Repsolek ez du Ecuadorreko oihanak suntsituko; IBM-k ez du orduko edo oraingo nazien estatistika-planak egingo; Bayerrek ez du osasunarekin negoziorik egingo; Bankuek ez dute pentsamendua sekuestratuko; Gobernuek ez dute gerrak eta kontrol polizial torturatzailea aginduko. Desio honekin bat ba zatoz gure konpainian sarbiderik baduzu.

Egunkaria Libre!

ERRENTERIA KRISIAN

ERRENTERIA KRISIAN
2009.URRIA