jueves, 2 de septiembre de 2010

EUROPA BERRIA POSIBLE DA

1.- Bizitzen ari garen krisia irakasle zuhurra da.
Krisiak erakusten digu akumulazio kapitalistaren helburuaren inguruan antolaturiko sistema ekonomikoaren logikak, ez duela ez bizitza (gosea eta langabezia), ez askatasuna (demokraziaren bahiketa), ez pakea (gerrak), ez kontzientzia (gezurraren erabilera eta sentimenduen manipulazio lotsagarria), ez kultura (pentsamenduaren merkantilizazioa), ez lurra (kutsadurak eta txikizioak), ez zerua (aldaketa klimatikoa) errespetatzen.
Krisiak erakusten digu kapital handiaren (nazional eta multinazionalak) erakundeak gerra egiteko prest daudela, eta ahoskatzen dituzten hitzak geroz eta erasokorragoak, krudelagoak, lotsagarriagoak eta iraingarriagoak direla jende umila eta pobrearekiko.
Krisiak erakusten digu gobernuak, parlamentuak eta epaitegiak, salbuespen bat edo beste kenduta, kapitalaren morroi ondo koipetsuak baizik ez direla. Europako gobernu guztiak sail honetan sartuak daudela.
Eta krisiak erakusten digu populazioaren jende gehienak, langileak (lanetuak eta langabetuak, denak dira langileak) ezin direla ez bankan ez multinazionaletan ez enpresari handietan ez gobernutan fido. Eta fidagarritasuna, konfidantza eta esperantza kolpez golpe eraiki beharra dagoela. Behekoen arteko elkartasun kolpez, behekoek elkarrekin altxatutako borrokaren bidez. Geuk, gugan, eraiki beharreko zapalduen batasunean izan dezakegu esperantza, beste inon ez.

2.- Azken urteetan Europan bertan ezagutu ditugu: krisiaren eztanda eta langabeziaren hazkunde gogorra; bankaren salbazioa; austeritate planen ezarpena; erreforma laboralak……Europako gobernu guztiek ildo berdinetik jo dute, berdintsu jokatu dute. Eta gogor jotzen ari dira, latza delako krisia eta, gainera, sozialdemokraziaren partiduak irentsiak dituztelako, sindikato nagusienak domestikatuak, eta langilegoa desmobilizazio eta pakto politikaren bidez urte luzeetan ahuldua.
Eraso hauen aurrean bi erantzun estrategiko nagusi ikusi ahal izan ditugu: Pakto sozialaren aldeko estrategia. Estrategia honek bilatzen duena da krisiaren ondorioak “guztion” artean banatzea eta horregatik mobilizazioa baztertu du, eta sistemaren erreformak bilatzen ditu. Estrategia hau antzua gertatu da, eta erabat insolidarioa prekario, langabetu eta jubilatuekin, eta etsipena elikatzen du. Beste estrategia, borroka eta autokonfidantzaren estrategia izan da: krisia erantzulek ordain dezatela bilatzen du, pakto sozialaren ilusio faltsuak ezabatzen saiatzen da, eta ulertzen du gizartea antolatzeko sistema kapitalista irauli beharra dagoela. Bere helburua ez da krisitik ateratzea, krisiaren aurka borrokatuz eta krisia argituz kapitalismotik irtetzea baizik. Euskal Herrian ikusi ditugu bi joera horiek garbi azken bi urteetan.

3.- Azken urte hauetan Europako lurralde desberdinetan egin izan dira hainbat greba eta mobilizazio handi krisiaren aurka. Hego Euskal Herriko bi greba orokorrak; Greziako hainbat greba orokor indartsuak; Frantzian egindako Greba Orokorrak; Andaluziako nekazariek egindako greba orokorra; hainbat manifestazio erraldoiak; borroka sindikal gogorrak; Bolonia prozesuaren aurkako unibertsitateetan egindako grebak, manifestazioak, okupazioak….
2010eko iraila honetan, eta Europako gobernu guztiek adostu duten erasoen aurrean, deialdiak ugaritu dira: irailaren 29rako, Sindikatuen Konfederakunde Europearrak mobilizazio eguna konbokatu du eta Bruselasen egitekoa da manifestazio europearra; irailaren 7an Frantziako estatuan sindikatuek grebara deitu dute eta Sarkozyren politika arrazistaren aurkako manifestaldiak konbokatu dira; irailaren 29an Grezian eta Espainiako estatuetan greba orokorrerako deialdia dago.

4.- Espainiako estatuan CCOOk eta UGTk, behartuak eta beraien ildo sindikal antzuaren porrot osoa ikusiz eta beraien entregismoa zuritu nahian, greba orokorra egitera deitu dute irailaren 29rako. Enpresari handien komunikabideek aspalditik ari dira edozein grebaren, eta bide batez, sindikatu guztien aurkako kanpaina zitala egiten. Zapaterok erakutsi du Japonen bere talante iraingarria eta zitala, esanez prest dagoela greba ondoren negoziatzen jarraitzeko, hau da, langileei egurra eman eta gero zurikeritan ibili.
Bainan irailaren egun berean, 29an, eta sindikatu hauen pakto politika antzua eta etsitzailea kritikatuz eta aldaketa erradikal bat aldarrikatuz hainbat sindikatuk (CGT,USO, SAT, Sindicato de Obreros del Campo, Corriente de Izquierda Sindical etabar...) greba egiteko deia egin dute. Greba egun horretan agerian jarriko dira krisiari aurre egiteko bi korronte, bi planteamendu, baita Espainiako estatuko lurraldeetan ere.

5.- Hego Euskal Herrian bi greba orokor eginak ditugu azken urte pare hauetan. Espainiako gobernuaren eta Europako komisioaren aurka Bruselastik Andaluziaraino Grezia eta Paris zeharkatuz altxatzen ari diren ahotsak eta mobilizazioak pozten naute. Beharrezkoak ikusten ditut ahal den mobilizazio orokorragoak eta indartsuagoak egitea. Bereziki estimatzen dut militante kopuruz txikiagoak diren bainan asmoz eta borondatez saiatuagoak eta argiagoak eta esperantzagarriagoak diren sindikatu “minoritario” horien ahalegina. Eta uste dut, nola edo hala, agerian jarri beharko gendukeela Euskal Herrian borroka horiekiko begirunea, eta mobilizazioen bidez eta egun berean erakutsi. Nire aldetik, greba orokorra hemen ere. Gure nazioaren langilegoaren hitza altxatuz, beste eredu baten alde, eta beste herrialdetan gorripidean borrokan ari direnekin bat eginez. Gure hitzak oiartzun handia izan dezake.

Maixu

0 comentarios:

Publicar un comentario

Nortzuk garen, zer nahi dugun

Zibernetikaren espazio-denboran blog xume bat sartu da: “krisikatzen”. Zelula bizigarria eta osagarria nahi dugu izan. Etsipenak sendatzeko, tristurak uxatzeko lagungarri eta esperantza pizten saiatua. Norengan, ordea, konfidantza eduki? Multinazionaletan, horien gobernu morroietan... norengan? Krisikatzen maiataren 21eko grebaren uhinetan sortu da. Poztu ginen. Konfidantzarako hautagai eraikigarri berria aurkeztu zelako: behekoen elkartasuna. Harreman-informazio sarea eratuz horri bideak irekitzea eta hori esperimentatzea da gure nahia. Borroka-festatik sortuak autopoietikoak gara. Geure (bildu nahi duten guztien) burua gobernatzen dugu. Guk erabaki, guk antolatu, guk hitza egin. Askatasun osoz, adiskidantzan, talde autoeratua, autonomoa, autologoa. Errenteria/Orereta, Lezo, Pasai, Oiartzun bailara izango da geure harreman-informazioaren landa. Estekak jarriko ditugu. Idazleak, argazkilariak, poetak, langileak, amonak, haurrak, autonomoak, dendari txikiak... denok dute lekua krisikatzen. Denok dugu lekua krisiari aurre egiten. Eta desio bat. Benetako salbuespen egoera sortzen ahalegintzea. Zer da hori? Ez oraingo, ez inoizko aspaldian ezagutu ez dugun egoera. Hartan, lurra, landareak, animaliak begirunez tratatuko ditugu; hartan gizakia ez da esklabu izango; hartan emakumea ez da morroi izatera behartua izango; hartan hitza askatasuna izango da; hartan askatasuna ederra izango da. Monsantok ez du Indiako nekazariak suizidiora bultzatuko; Repsolek ez du Ecuadorreko oihanak suntsituko; IBM-k ez du orduko edo oraingo nazien estatistika-planak egingo; Bayerrek ez du osasunarekin negoziorik egingo; Bankuek ez dute pentsamendua sekuestratuko; Gobernuek ez dute gerrak eta kontrol polizial torturatzailea aginduko. Desio honekin bat ba zatoz gure konpainian sarbiderik baduzu.

Egunkaria Libre!

ERRENTERIA KRISIAN

ERRENTERIA KRISIAN
2009.URRIA