viernes, 4 de diciembre de 2009

Krisia eta emakumeak

Urrian honako titularra zuen artikulua ikusi nuen prentsan “En EEUU, trabajar es cosa de mujeres” eta ezin artikulua irakurri gabe utzi… Izan ere, zein herrialdetan, munduko zein txokotan ez da lan egitea emakumeen kontua… baina tira… lanaz baino, enpleguaz ari zen, noski! Soldata baten truke egiten den lanaz, alegia. Eta hori bakarrik ez: aitortzen den soldata baten truke egiten den lanaz… gauza guztiak behar dituzte zehaztapenak, ezta?

Handik 20 egunera, gaiarekin lotutako bigarren artikulua irakurri nuen, kasu honetan euskarazko hedabidean, eta hemengo egoeraz. Azpititularrak honakoa jasotzen zuen: Bizkaian eta Gipuzkoan emakumeen langabezia gizonek dutenaren azpitik jarri du Eustatek;. Honela amaitzeko: “…berdintasunak beste urrats batzuk beharko ditu, ordea.
Krisia emakumeen alde egiten ari dela esatea edo sujeritzea demagogikoa litzateke. Krisiek, edonolakoek, kontraesanak edo disfuntzioak jartzen dituzte agerian. Eta kasu honetan, berdintasunik eza ere agerian geratu da: langabeziak gizonengan modu nabarmenagoan eragin badu, lan-merkatuan emakumezkoak eta gizonezkoak bereizita zeudelako eta daudelako da, besteak beste. Krisiak azken urteetan neurri gabe hazi diren industrian eta eraikuntzan eragin du batez ere, eta hazi eta hazi egin diren sektore horietatik kanpo egon izanak babestu ditu, orain, ez lehen, emakumeak.

Krisiek geure buruak berrasmatzeko balio dutela diote… ea ba asmatzen dugun!

Hor doaz testuan aipatutako bi artikuluak: ez dute fenomenoaren konplexutasuna bere osotasunean jasotzen, baina ikuspegi interesgarriak ematen dituzte. On egin!

En EEUU trabajar es cosa de mujeres
Enpleguaren azken muga

Aizpea

0 comentarios:

Publicar un comentario

Nortzuk garen, zer nahi dugun

Zibernetikaren espazio-denboran blog xume bat sartu da: “krisikatzen”. Zelula bizigarria eta osagarria nahi dugu izan. Etsipenak sendatzeko, tristurak uxatzeko lagungarri eta esperantza pizten saiatua. Norengan, ordea, konfidantza eduki? Multinazionaletan, horien gobernu morroietan... norengan? Krisikatzen maiataren 21eko grebaren uhinetan sortu da. Poztu ginen. Konfidantzarako hautagai eraikigarri berria aurkeztu zelako: behekoen elkartasuna. Harreman-informazio sarea eratuz horri bideak irekitzea eta hori esperimentatzea da gure nahia. Borroka-festatik sortuak autopoietikoak gara. Geure (bildu nahi duten guztien) burua gobernatzen dugu. Guk erabaki, guk antolatu, guk hitza egin. Askatasun osoz, adiskidantzan, talde autoeratua, autonomoa, autologoa. Errenteria/Orereta, Lezo, Pasai, Oiartzun bailara izango da geure harreman-informazioaren landa. Estekak jarriko ditugu. Idazleak, argazkilariak, poetak, langileak, amonak, haurrak, autonomoak, dendari txikiak... denok dute lekua krisikatzen. Denok dugu lekua krisiari aurre egiten. Eta desio bat. Benetako salbuespen egoera sortzen ahalegintzea. Zer da hori? Ez oraingo, ez inoizko aspaldian ezagutu ez dugun egoera. Hartan, lurra, landareak, animaliak begirunez tratatuko ditugu; hartan gizakia ez da esklabu izango; hartan emakumea ez da morroi izatera behartua izango; hartan hitza askatasuna izango da; hartan askatasuna ederra izango da. Monsantok ez du Indiako nekazariak suizidiora bultzatuko; Repsolek ez du Ecuadorreko oihanak suntsituko; IBM-k ez du orduko edo oraingo nazien estatistika-planak egingo; Bayerrek ez du osasunarekin negoziorik egingo; Bankuek ez dute pentsamendua sekuestratuko; Gobernuek ez dute gerrak eta kontrol polizial torturatzailea aginduko. Desio honekin bat ba zatoz gure konpainian sarbiderik baduzu.

Egunkaria Libre!

ERRENTERIA KRISIAN

ERRENTERIA KRISIAN
2009.URRIA