Komertzioetako langileek bizi kalitatea aldarrikatzen.
Alcampo enpresak langile malgu-makurtua nahi ditu, hamar orduz jarraian lanean, erritmo desegokietan. Soldata txiki baten truke, langileek bizimodua Alcamporen mesedetan antolatu beharko dute. Langilearentzat supermerkatutik kanpoko denbora garrantzirik ez balu bezala. Irungo Alcampoko enplegatuek iazko azken egunetan,abenduaren 26an jada protesta kalera eraman zuten, orain Oiartzungokoei tokatzen zaie, arrazoi ber-berengatik. Alde bateko erabaki baten bidez, Alcampoko zuzendaritzak ordutegi eta lan antolaketa berri bat inposatu nahi du. Helburua, langileek gero eta lan gehiago egitea, Alcampoko etekinak puzteko. Jadanik bidea erakutsi du zuzendariak, greba egiten dutenak behin-behinean kontratatua den langile malguago batez ordezkatuko ditu, makurtu nahi ez dutenak “al kanpo”. Krisi garai honetan, duda izpirik gabe, nahiko eskaera izango du erreserba-langile izateko.
Jai egun hauetan, Nafarroan ere komertzioetako langileak malgukeriaren aurka ibili dira, jai egunetan jai izateko eskubidearen alde hain zuzen. Zorionez, lehen mobilisazio horiek arrakastatsuak izan dira baina hor ere merkatal gune handiak dira aintzindari. Urruneko langile txiroak explotatuz aberasten diren merkatari handi horiek poltsikoak gizendu nahi dute, diru-katearen bi muturrak estutuz. Krisi garaian, irabaziei eutsi nahi izanez gero, eginbiderik ohikoena, langileen kopurua eta soldatak murriztea. Egokitze estrukturala deitzen diote horri. Beren estrukturak gure bizien estrukturak dardarka jartzen baditu ere. Eta gu langile/kontsumitzaile tristeok pertsonalitate bikoitzean atxilo, ikusle ezaxola eta mutuak gelditzen gara maiz,kontsumo inkondizionalean murgilduak. Urte hasi berri honetan, asmo berri bat proposatu nahi diot gure buruari, erosketak egitean igandetan : okindegian, egunkarien kioskoan eta zabalik dauden tabernetan edo kultur gunetan soilik joatea gure dirua xahutzera, mendia, hondartza eta kalea doan daude oraindik...
Eta beste egunetan, gaueko zortziak baino lehen erostera joaten bagara hainbat hobe, komertzioko langileen lagun eta senideen mesedetan izan daiteke... Eguneroko elkartasun neurri xume hau urte berriko asmoetan eta lorpenetan izan dadin. Nathalie
jueves, 7 de enero de 2010
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
0 comentarios:
Publicar un comentario